Eutsi Euskaraldiari!
15 egunetan ahobizi eta belarriprest txapa
Bilbao
Euskal Herriko laurehun herri baino gehiagotan txapak banatzen hasi dira jadanik Euskaraldia batzordeetako kideak. Milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko azken bi asteetan. Izena eman duten eta hurrengo egunetan izena emango duten kide guztiek 15 egunotan txapak jantzita eramateko deia egiteko baliatu da gaurko prentsaurrekoa. Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan eta, horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbitea egin dute ekimenaren bultzatzaileek.
Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko deiari jarraituz hurrengo egunetan kaleak janzteko gonbitea ere egin da eta horretarako hainbat baliabide eskaini: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak edo Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartelak. Gainera, herriz herri ehunka ekitaldi antolatzen ari direla azaldu da.
Partaideen erronkak, hizkuntza ohiturak aldatzeko abiapuntu
Azken dei bat ere egin dute bozeramaleek: partaide guztiei hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzeko gonbitea egin diete, euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko erronka zehatzak jartzea lagungarria dela azpimarratuz.
Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren Hitzez Ekiteko ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren Euskaraldirako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek. Horiek izango dira norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik eraginkorrenak.
Ildo honetan, gaurko agerraldian parte hartu duten lagunek hirugarren Euskaraldi honetarako beren buruari jarri dioten erronka aipatu dute prentsaurrekoan.
Euskal Herriko lurralde guztietako herrietan Euskaraldia batzordeetan parte hartzen duten milaka boluntario egiten ari diren lana eskertuz eta aitortuz amaitu da agerraldia.