Lanbide Heziketa euskaraz egitea sustatzen du Udalak
Eibarko Udala 80. hamarkadatik dihardu euskararen erabilera normalizatzeko lanean
Eibar
Eibarko ume ia guztiak hezkuntza sisteman D ereduan eskolarizatuak izateak urte gutxiren buruan herritar ia guztiak elebidunak izango direla bermatzen du. Denak izango dira euskara ulertzeko gai eta horrek euskaraz bizi nahi duenari arlo guztietan euskera erabiltzeko aukera emango dio.
“Derrigorrezko Hezkuntza osoa D ereduan egin ondoren jarraipenik egokiena Lanbide Heziketa ere D ereduan egitea da” dio Jon Iraolak.
Eusko Jaurlaritzak indarrean du “Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023” eta bertan jasota dauden azken helburuetan “Lanbide Heziketan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua handitzea” dago eta Eibarko Udalak ere bate gin nahi du helburu horrekin.
D ereduaren onurak
Inguruko enpresarik aurreratuenak kontratazio berrietan euskara jakitea eskatzen dute. Enpresa askotako lan ingurua euskalduna da eta bezeroekin aurrez aurre egoteko postuek euskara gaitasuna eskatzen dute, bezeroek eurek nahi duten hizkuntzan artatuak direnean asebetetze handiagoa izaten dutelako. Kontratazio publikoetan euskaraz jakitea eta B1 edo B2 ziurtagiriak izatea ezinbesteko baldintza dira. Orain arteko ikasketak euskaraz egin dituenak normaltasun osoz egiten du Lanbide Heziketa D ereduan. Ikasketak euskaraz eginda prestakuntza osatuagoa izango dute, ondo menperatuko baitituzte hizkuntza ofizial biak.