77 artelan Agustín Ibarrolaren ‘Censuras-Zentsurak’ erakusketan
Bizitza pertsonaleko eta artistikoko bi une erabakigarritan ardazten diren lanak aurkezten ditu
Otsailaren 28ra arte ikusgai izango da Agustín Ibarrolaren artelanekin osatutako "Censuras-Zentsurak" erakusketa.
José Ibarrola erakusketaren komisarioaren esanetan, 77 artelan biltzen dituen esposizio hori ez da autorearen atzera begirako erakusketa bat, Agustín Ibarrolaren bizitza pertsonaleko eta artistikoko bi une erabakigarritan ardazten baita. Alde batetik, Chillida aretoan ‘Censuras’ esposizioa ikusi ahal izango da. Han, antifrankista zeneko garaian, 1961-1976, egindako grabatuak, kartelak eta collageak erakutsiko dira.
Bestetik, Axular aretoan ‘Zentsurak’ esposizioa egongo da ikusgai. ETAren terrorismoaren aurkako borrokari eskainitako hainbat artelan egongo dira han. Hala, 2000ko, 2001eko eta 2003ko atentatuen ostean ateratako Omako Basoaren argazki batzuk ikusi ahal izango dira, baita txanodunak protagonista dituen pinturak, grabatuak eta eskulturak ere.
Zentsura At Jaialdiaren 12. edizioko ekimen garrantzitsuenetarikoa da Agustín Ibarrolaren erakusketa hori. Inaugurazioan izango dira, besteak beste, José Ibarrola komisaria; Naiel Ibarrola, artistaren iloba, zeinak bideo eta musika uztartzen dituen ikus-entzuneko muntaia aurkeztuko duen; Patxi Juaristi, Bizkaiko Campuseko errektoreodea eta Nerea San Martín, Bizkaiko Campuseko Unibertsitate Zabalkuntzako zuzendaria.
Astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 8:30etik 19:30era. Sarrera doan.