Orixek latinetik euskarara itzulitako gregoriar kantuak bildu ditu liburu eta disko batean
"Orixeren oparia. Gregorianoa euskaraz" Donosti Ereski Gregoriar Scholak eskaintzen duen testu kantatua da

Gregoriar musikaz kantatzen ziren hitzak bildu ditu Ereskik / Ereski

Bilbao
Kantu gregorianoaren sailean eskaintzen den argitalpen honetan bi ospakizun bateratzen dira: batetik, Donosti Ereski Elkartearen sorreraren 50. urtemuga eta, bestetik, Nikolas Ormaetxea “Orixe”ren heriotzaren 60.koa. Izenburutzat Orixeren oparia : Gregorianoa euskaraz daraman argitalpen hau da, hain zuzen, Elkarteak Orixeri eskaintzen dion oparia, eskerrona agertuz euskararen alde egin duen lan handiarengatik eta, bereziki, bere itzulpenek gregorianoan izan duten eragin zuzenagatik.
Orixeren oparia. Gregorianoa euskaraz Donosti Ereski Gregoriar Scholak eskaintzen duen testu kantatu honetan, aurkibidean ikus daitekeenez, lau zatitan banatutako kantu-emanaldiak datoz, Mezaren berezkoak, Orduen liturgiakoak, Andre Mariaren antifonak eta Eliz abestiak, guztiak Orixeren Urte guziko mezabezperak-etik jasotakoak. Batez ere, himnoen itzulpenean ageri da Orixek kantu gregorianoaren legeetara plegatzeko egiten duen ahalegina. Seguru asko argitalpen hau ez zen posible izango Orixek Urte Guziko Meza-Bezperak liburua argitaratu izan ez balu gerra osteko lehen hamarkada beltz bezain ilunean. Garai hartako eliza-giroan elizkizun nagusiak, hala nola meza-bezperak, latinez izaten ziren eta eliztarrek herri-kantu batzuetan baino ez zuten parte hartzen. Geroago hasi ziren esku-misalak bi hizkuntzatan argitaratzen, latinez eta lekuan lekuko hizkuntzaz. Noski, eboluzio honetan, albo-erdarazkoek aurrea hartu zioten euskarazkoari. Erromatar meza-liburu honetan genero poetikoari buruzko kapituluak daude, eta zati horretan sartzen dira ereserkiak, sekuentziak, salmutegia eta beste hainbat eliza-kantu.